Oscar Niemeyer
Oscar Ribeiro de Almeida Niemeyer Soares Filho (Rio de Janeiro, 1907ko abenduaren 15a - Rio de Janeiro, 2012ko abenduaren 5a) brasildar arkitektoa izan zen, arkitektura modernoko erreferente nagusietako bat[1]. Hormigoi armatuaren plastika- eta eraikuntza-ahalbideen ikerketan aitzindaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Rio de Jaineroko Arte Ederretako eskolan ikasi zuen eta Lucio Costaren laguntzaile gisa lanean hasi. Haren lehen eraikuntza handia Rio de Janeiroko Hezkuntzako eta Kulturako ministerioa da (1936-1943). Hartan, Le Corbusier aholkulari izan zuen (hark Niemeyerrengan eragin handia izan zuen). Panpulhako eraikuntza multzoa (Belo Horizonte), besteak beste, jatetxe biribil batek eta yatch-club batek osatzen zutena, 1942-1944 bitartean egin zuen. Obra handiena Brasilia hiri berriaren sorkuntzaren zuzendaritza da. Bertako eraikin publiko garrantzitsuenak diseinatu egin zituen, Lucio Costarekin batera, hiriburu berriaren brasildar utopia gauzatuz.
Brasildik kanpora ere baditu zenbait obra, Kubitschekek aginpidea utzi ondoren eginak gehienbat. Ezagunenetako bat Frantziako Alderdi Komunistaren egoitza da (Parisen). 1988an Pritzker Saria lortu zuen, Gordon Bunshaftekin ex æquo.
Estiloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arkitekturaren utilitarismoaren babeslea izan arren, haren lanak ez dira postmodernoek maiz kritikatutako mugimendu bereko bloketzar hotzak. Niemeyerren eraikin monumentalek dituzten formak dinamikoak eta kurbaz beteak dira eta miresle askok, arkitektura barik, eskultura bezala hautematen dituzte, kritikoaribatzuek azken baieztapen hori akastzat jotzen badute ere.
Diseinatu zituen eraikuntzetan, forma desberdinak, biribilak eta zuzenak, elkartzeko irudimen eta trebetasun berezia nabari da; hormigoia, beira eta altzairua kontrastean erabiltzen zituen. Forma biribilen eredurik argienak Belo Horizonteko Frantzisko Santuaren kapera eta Ducheneko lantegia (1950) ditu.
Lanik garrantzitsuenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1937-43: Hezkuntza eta Osasun Ministerioa, Rio de Janeiro (Le Corbusier, Lucio Costa, Jorge Machado Moreira eta Afonso Eduardo Reidy arkitektoekin)
- 1938: Oswald de Andrade etxea, São Paulo, Brasil
- 1939: Brasilgo Pabilioia, New York, AEB
- 1940: Casa do Baile dantzaleku eta jatetxea, Pampulha, Brasil
- 1941: Estadio Nazionala, Rio de Janeiro, Brasil
- 1943: San Frantzisko eliza, Pampulha, Belo Horizonte, Brasil
- 1946: Udal Antzokia, Belo Horizonte, Brasil
- 1951: Ibirapuera Parkeko Biurteko Pabilioia, São Paulo, Brasil
- 1954: Casa das Canoas, Rio de Janeiro, Brasil
- 1957-1964: Hainbat proiektu Brasilian:
- Katedral Metropolitarra
- Brasilgo Legebiltzarra
- Alvorada Jauregia
- Itamarati Jauregia
- Planalto Jauregia
- Hiru Botereen Plaza
- 1965-80: Frantziako Alderdi Komunistaren Egoitza Nagusia, Paris (Jean Prouvé frantziarrarekin)
- 1968: Mondadori egoitza, Segrate, Milan ondoan, Italia
- 1968: Konstantinako Unibertsitatea, Konstantina, Aljeria
- 1972: Kultura Etxea, Le Havre, Frantzia
- 1977-1979: Sede Fata bulego eraikina, Pianezza, Turin ondoan, Italia
- 1983: Sambodromoa, Rio de Janeiro (samba erakustaldiak egiteko estadio antzekoa)
- 1987: Latino-amerikako Memoriala, São Paulo, Brasil
- 1991: Arte Garaikideko Museoa (Museu de Arte Contemporânea), Niterói, Rio de Janeiro ondoan
- 2002: Arte Museoa, Paraná, Brasil
- 2002: Kasinoa, Hotela eta Biltzar Jauregia, Funchal, Madeira, Portugal
- 2003: Serpentine Galeria Pabiloia, Londres
- 2004 Kontzertu Aretoa, São Paulo, Brasil
- 2008: Oscar Niemeyer Nazioarteko Kultur Zentroa, Avilés, Espainia
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/05/08 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Urtubia, Josu. Oscar Niemeyer arkitektoa hil da. argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-05-08).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Oscar Niemeyer |